top of page

AZKEN BALA - LARRETXEA, HASIER

 

Hasier Larretxea (Arraiotz, 1982) herri kiroletan erreferentea den leinutik datorren arren, zoriontsu izateko nahiak ez zion familia tradizioarekin jarraitzen utzi. Distantzia hartzeko joan zen Madrilera duela zortzi urte. Kezka eta katramilei aurre egin ondoren, iraganarekin bakean egoteko parada eman dion ibilbide pertsonalaren fruitua da ‘Larremotzetik’, narratiba poetikotik edaten duen autobiografia.

 

2001ean, Iruñeko Udalaren poesia saria eskuratu zuen, Eguraldi lainotsua lanari esker. 2008an, Azken bala / La última bala (Point de Lunettes) eman zuen argitara.

 

AZKEN BALA

 

Azken Bala/La Última Bala, Andaluzian euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen den lehen liburu elebiduna da. Bere egilea, modu erradikalean erasotzen du indarkeriaren kontzeptua. Azken Bala, euskarazko kulturatik, haizeen flotazio-marrean, tiroketa (poetikoa) da. Hasier Larretxeak, ironia eta zenbaitetan burla erabiliz, bakearen, poesiaren eta hitzaren aldeko apustu irmoa egiten du, ezein gauza lortzeko armarik iraunkorrena bezala.

 

Azken bala / La última bala bakearen aldeko apustu ausarta da. Ohiko hizkuntza inguru-minguru dabilen tokian poesia muinera iristen denez, bertso zorrotz, ironiko, bizitzaz bete hauek Euskal Herriko bortizkeriaren gaiari zirt edo zart heltzen diote. Jabo H. Pizarrosok aitzinsolasean dio:  “Hasierrek zintzotasunez hitz egiten du eta bere poesia diskurtsibo, prosodiko eta askatuak murru baten kontra jartzen gaitu. Murru hori gure kontzientzia da. Murru hori gure iragana eta etorkizuna eta baita basamortuan lurperatutako bala pilo handi bat ere. Celayak zioenez, poesiak mundua alda dezake eta uste dut oraingoan hori posible dela.”

 

Erre ezazu autobusa.

Erre, kutxazain automatikoa.

Erre, zaborrontzia.

Erre ezazu auzo guztia.

Herria, hiria.

Basoa.

Su horretan zu erre baino lehen.

 

Lehenbiziko bala kantatzen zuen Negu Gorriak taldeak 1992. urtean. Azken bala idatzi du Hasier Larretxeak 2008an, orduan karabinan estreinakoz sartutako bala atera nahian. “Nire azken bala erabiliko dut gaur” lerroarekin hasten da atariko poema.

 

Hasier Larretxea arraioztarraren bigarren liburua da Azken bala, 2004an argitaratutako Bazaudete? izenekoaren ondorengoa. Sevillako Point de Lunettes argitaletxearekin plazaratu du, edizio elebidunean, euskaraz eta espainolez (itzulpena Angel Errorena da), eta Jabo H. Pizarrosoren aitzinsolasarekin. Edizio elebiduna izate honek eta poema liburuaren idazkera eta tonuak joan den mendeko 50-60ko hamarkadetako poesia liburuak ekartzen dituzte gogora: Gabriel Aresti, Blas de Otero, Gabriel Celaya…

 

Azken bala euskal gatazkaren literaturan kokatzen da, eta hala, hasieratik bukaeraraino dago presente gatazkak poetaren eta herriarengan eragindako sufrimendu eta oinazea: “Une bat, bakarra. / Momentu bat. Isila. / Hilotz, torturatu, atxiloturik gabekoa”. Liburua, ordea, ezker abertzalearen borrokaren kontra kokatzen da batez ere, heroiaren epika zuzenki kritikatuz (“Nik ere heroia izan nahi dut. / Politizatutako heroia”), borroka honen kontraesanak (“Eraiki dezagun herria, / horretarako guztia / suntsitu behar badugu ere”) edo neke antzua (“Guzti horren ondotik / denbora galdu dugunaren / sentsazio arina baino ez zaigu gelditzen”) adieraziz.

 

Berriki idazleren batek adierazi du zeinen merke ateratzen den ETAren kontrako hitzak idaztea, eta zeinen garesti, ostera, kontrakoa. Hala ere ezin esan daiteke liburu hau erosotasunetik edo Espainiako intelligentsia ofiziala askiesteko borondatetik idatzirik dagoenik. Gehiago da barnean gordetako samin eta amorruaren kanporatze zintzoa, edo autorearen beraren hitzetan esatearren, garbiketa pertsonal bat. Gainera, esan beharra dago bakanak direla euskal literaturan jarrera politiko-poetiko hau hartzen duten poema liburuak, eta honenbestez, emaitza berezi eta pertsonala dela, inolaz ere ez populista.

 

Zerbait faltatzekotan, ez da hain justu ausardia edo zuzentasuna poema hauei falta zaiena, sosegu apur bat eta grina gutxiago seguruenik. Aire pixka bat ere bai, esan dezake batek baino gehiagok, aire pixka bat falta zaie poemoi. Baina ingurura begiratu eta erantzuna errazegi edukiko du: Euskal Herria da arnasa ezin hartu dabilena.

 

 Beraz, ‘Azken bala’ argitaratzea hautu ausarta izan zen.

 

“Bai, ausarta izan zen baina bideratzen jakin nuen, errazago izan zitekeelako bideratzen ez jakitea. Idatzi nuen, Madrilera joan eta sakon-sakonetik etorri zitzaidalako horrelako haserrealdi ttipi bat. Igor Estankonak ere aipatzen du, ez nintzela nire baitan kausitzen. Liburu hori oso metaforikoa da; badaude herri honetan pairatutako zartadurak baita barne zartadurak ere tartean. Nire literatur ibilbidea oso autodidakta izan da. Gizarte Zientzietan ikasia naiz, eta buru gaixotasunak dituzten pertsonekin lan egiten dut, literaturaz beste oso arlo desberdin batean. Eta literatura izan da gehien bat gordeleku bezala eta aitarekiko babesleku bezala erabili dudana. Erran dezaket, agian nire kontra egitea den arren, idazte garaikideen lana maite dudala. AEBtakoak, Europar ekialdekoak … Uste dut dagoeneko banagoela unean jakiteko liburu denda batean sartu eta nobedadeen ataletan zein poeta ezezagun edo horrelako batek betearazi dezakeen nire irakurle sen hori”.

 

 

Kuriositatez, zer irakurtzen ari zara orain?

 

“Orain El libro de los susurros irakurtzen ari naiz. Oso poetikoa eta oso gogorra da. Poeten artean Olga Novo galiziarra erakargarria suertatzen zait, oso indartsua da. Literaturan emakumeak gailentzen direla esango nuke. Chus Pato galiziarra ere gustatzen zait; esperimentazioaren bidea hartzen du, zinemagintza, poesia … proposamen oso ausarta da, ezohikoa guztiz, ‘ Ni ’ – a  puskatuz, idazketaren moldeak … oso interesgarria da. Eta Ixiar Rozasen Beltzuria irakurtzeko gogo handia daukat. 

 

Guztiz. Ezezagun sentitu behar nuen hau idatzi ahal izateko. Madrilen konplexurik gabe bizi izan naiz. Agian, nire baitakoak oxigenizatu behar nituen eta espazio horrek eskaini zidan.

 

Nire umetako urteak oso zoriontsuak izan ziren eta oso zoriontsua nerabezaroan aitarekin Baztanen; lehenengo egurrezko aizkorekin eta gero egiazko aizkora ttipiekin, egurrezko … Homosexualitatearen printzak argitzen joan ziren heinean, gogorragoa izan zen familiaren baitan gehienbat. Oso elkarrizketa garrantzitsua sortu zuen liburuak aita-seme gisa izandako prozesuaz, hau da, semearen ibilbidea errespetatzearena nahiz eta urteetan kostatu. Garoa liburu-dendako aurkezpenean ausartu zen esatera ez ninduela ikusten herri kirolari gisa, nahiz eta bere buruak agintzen zion erakutsi behar zizkidala bere jakintza guzti horiek. Amak ordea, zortzi urte nituela inolako konplexu gabe erosi zidan panpinatxoa ohiko denda batean, nire harridurarako eta nire zorionerako. Hamasei urterekin hurbildu zitzaidan “eta zu zer, zer gertatzen da hemen?” galdetzera”.

 

Superazioa pentsamendurik hoberena da. Bizitzarekiko armarik hoberena. Beldurrei aitzin egin ez banie ez nintzela Madrilen biziko, erantzuten diot amari (‘Larremotzetik’, 2014).

 

“Madrilerako jauzi hori oharkabean egin nuen, beharbada ikusten nuelako nire talaiara heldua nintzela eta hustu nintzen hein batean, betegarriak behar nituen eta anonimo sentitu.

 

Anonimo sentitzeko beharrak ez al du talka egiten zure autobiografia plazaratzearekin? Arrazoi osoa daukazu eta beitu ez dut sekula hori pentsatu. Azken finean galdera jakin batzuei erantzuna emateko beharrak mugitu nau”.

 

 

bottom of page