top of page

AHAZTUEN MENDEKUA - LADRON ARANA, ALBERTO. 

 

Bikote harremanak, harreman heterosexualak, lan harremanak, arrakasta eta porrota, sentimenduen mundua…

Iratin dabiltzala, eztabaidan hasi dira Ana eta Oskar, neskak deskubritu baitu mutilak harremanak dituela beste gizonezko batekin. Liskarraren ondotik bereizi egiten dira mendian: Oskar autoa utzia duten lekura itzultzen da; Ana, berriz, ez da inondik ere agertzen.

 

Esan bezala, hainbat gai ukitzen ditu eta, barnean, Ladrón Aranaren nobeletan ohi bezala, gerra kontuak, Espainiako 1936ko Gerra Zibila hain zuzen ere, kasu honetan.

Detektibe lanak gustuko baditu, laster sartuko da irakurlea Oskar eta Xabierren larruan, azkeneraino tentsioa mantentzen duen liburuan zeharreko bidaian laguntzeagatik, horixe baita Alberto Ladronek eleberri honekin lortu duena:  irakurlea ere “laguntzaile” izatea nahi du Oskarren bizitza goitik behera aldatuko duen gertaeraren irtenbidean. Ondorioz, gustura irakurtzeko suspense nobela da hau.

 

 

Bere web gunean aurkitutakoa:

Biografia moduko zerbait

Iruñean jaio nintzen, 1967an. Hemeretzi urte nituela hasi nintzen euskara ikasten, baina unibertsitatean hasi eta berehala euskaltegia utzi behar izan nuen, denbora faltagatik. Ikastekak amaitu eta lana lortutakoan berriz ekin nion euskarari, idazten hasteko asmo garbiarekin oraingoan. Literatura profesionalaren munduan nola sartu ez nekiela, ipuin leihaketen bide malkartsuari lotu nintzaion. Iruñeko, Bilboko, Atarrabiako, Zumaiako eta beste hainbat ipuin lehiaketetako sariak irabazita, adorea hartu nuen Itzalaren baitan fantasiazko nobela ere aurkezteko. Irun Hiria saria eman zioten. Urte hartan bertan Xake mate nobela laburrak Agustin Zubikarai saria irabazi eta horri esker hasi nintzen modu profesionalean argitartzen.

Harrezkero idazten jarraitu dut, betiere suspentse, misterio eta polizia nobelaren alorretan. Motibazio ederra nuen horretarako. Euskara ikasi eta behar adinako maila lortu nuenean, nobelak irakurtzen hasi nintzen. Izugarri aspertu nintzen. Harriturik, ikusi nuen euskal literaturan ia ez zeudela nik hain gustuko nituen thrillerrak... ezta fantasia, zientzia fikzio, edo polizia nobelarik (nobela arrosarik ere ez, baina horrek ez zidan kezka handirik eragin). Hau harrigarri samarra da, horiexek baitira mundu osoko irakurleek gehien maite dituzten generoak. Zoritxarrez, guk euskaratik kanpo bilatu behar ditugu horrelako liburuak.

Nolanahi ere, sekula ez dut idatzi hutsune hori betetzeko asmoz. Nire ahalmenaz haragoko lana litzateke hori. Gustuko ditudan generoak euskaraz landu besterik ez dut egin... eta zuek, irakurleok, nire lana estimatzen duzuen bitartean, bide horretan jarraituko dut. Orrialdeetan ikusiko dugu elkar!

Garai batean hainbat aurkezpen eta hitzaldi eman banuen ere, sekula ez ditut jendaurrekoak oso gustuko izan: izaera kontua alde batetik, literaturari buruzko neure filosofia bestetik. Nire ustez, liburuak behar du hitz egin, eta idazleak ezer gutxi gehitzen ahal dio kontakizunari... eta, hala bada, kontu txarra. Dena den, ez nago nobelei buruz posta elektronikoz jorratzearen kontra.

 

 

 

 

bottom of page