top of page

LUR BAT HARATAGO - IRIGOIEN, JOAN MARI

 

 

"Lur bat haratago" Joan Mari Irigoien idazle gipuzkoarrak idatzitako eleberri mardula da, 2000an argitaratutakoa "Elkar"ren bidez.

 

Euskaraz inoiz idatzitako nobelarik zabalena da hau, 658 orrialde dituena. XVII. mendean kokatua dago istorioa, Nafarroa eta Lapurdi artean eta nobela inguru haietako hizkera jasoan dago idatzia.

 

Askoren ustez bere obrarik handi eta osoena den honetan, egileak XVII. mendearen panorama zabala eskaintzen digu.

 

 

Bere obraz haratago doa, dudarik gabe, Joan Mari Irigoien nobela honekin. XVII. mendeko Nafarroan bizi den euskal familia dirudun eta katoliko baten gora-beherak azaltzen dizkigu. Guzti hau seme ttipienaren ikuspuntutik aztertua. Joanes Etxegoien izeneko gazteak laster ikasiko ditu helduen sekretuak eta bere osabaren eskutik sendiaren baitan gordetzen den iragan beltza deskubrituko du, luthertarren ukitu magikoa eta askatasunak duen ezinbesteko garrantzia. Askatasun hori oinarritzat hartuz, bide propioa egiten saiatuko da Inkisizioak menperaturiko gizarte kontserbadore eta beldurtian. Tartean Europako hiri garrantzitsuenak eta Amerika basatia ezagutuko ditu. Erdi Aroko mural izugarria maisutasunez ehundu du Irigoienek, abentura eta gogoeta era bikain batean nahasten dituelarik eta, gainera, Axularren garaiko euskara berreskuratzen du XXI. mendeko irakurlearentzat. Ezbairik gabe, euskarazko klasiko baten aurrean gaude.

 

 

Julen Garate: Nobela XVII. mendean kokatuta egon arren, idazleak bidali nahi digun mezua gaur egunerako ere oso baliagarria da. Hainbat pasartetan libertatea aipatzen du, gizartearen dogmatismoaren aurrean, LIBERTATE PERTSONALAREN beharra aldarrikatuz. Horretxegatik gomendatu nahi nuke liburu honen irakurketa, libertate pertsonalak gaurkotasuna baino gehiago “betikotasuna” duen gaia delako.

 

 

"LUR BAT HARATAGO KAUSITZEN BAITA ASKATASUNA"

 

Liburuaren orri kopurua zein edukina dela-eta berriketa zenbait ekarri du euskal literaturaren munduan. Elkarlanean etxeak plazaratua, ezbairik gabe, literatur adituen kritika merezi du literatur obra honek.

 

Egileak honela ihardetsi zuen urte berri honetarako desio batez galdetu ziotenean:

 

"Nire eleberriaren zain zeudenei berau irakurtzeko pazientzia izan dezaten desiratzen diet urte berrian".

 

 

"Lur bat haratago"ri buruz denetarikoak entzun dira. Batzuek halako nobela idaztea denboraz kanpo dagoela diote, bestetzuek atenporala dela. Hots, datozen mendeetan ere berdin irakurriko dela. Baikortasunez zein mesfidantzaz begiratu zaio nobelari. Zenbatek irakurriko ote du oso-osorik?, galdetu du, halaber, baten batek. Euskal idazleen artean ea nobela potoloena nork idazten duen nolabaiteko norgehiagoka dagoela, esan duenik ere bada.

 

 

Esamesa horretatik beretik abian gara egilearekin:

 

"Nik ez dut halakorik sumatu; baditut lagun idazleak eta gure artean ez da inolako norgehiagokarik. Literatura hori baino askozaz serioagoa da. Liburu bakoitzak eskatzen du garapen bat eta koordenatu batzuetan mugitzea. Liburu honek honelako koordenatuetan mugitzea eskatzen zidan, Axularren prosa profitatu nahi nuen bai gauzarik xumeena bai gauzarik korapilatsuena esateko".

 

 

Joan Mari Irigoienen literaturaren bidean gibelera egin dugu une batez, "Oilarraren promesa" lehen nobelaren garaira itzuli, eta oilar haren promesak nobela honekin loturarik ote duen jakin aldera.

 

"Ez zait iruditzen lotura dagoenik. Ordea, esan dezaket argi eta garbi, euskara ikasteko eta euskararen sakontzeko xedearekin izkiriatu nuela 'Oilarraren promesa'. Lehenago Irungo Literatura saria irabazia nuen 'Hutsetik esperantzara' izeneko poema liburuarekin. Euskarari buruz behar nuen ezagutza ez nuela ikusirik, idazteari gogor ekitea erabaki nuen".

 

Handik sortu zen "Oilarraren promesa" eta, ondoren, promesa haren nahikaria betetzeko-edo, Axularren "Gero" irakurri zuen. Erabat liluratuta geratu zen. Orain 25 urte gertatu zen hura. Axular irakurtzean, haren prosak dena adierazteko balio zezakeela ohartu zen Irigoien.

"Gogoratzen naiz, gure arteko elkarrizketan, Axularri honelatsu esan niola: 'Egunen batean itzuliko naiz zuregana'. Hogeita bost urte pasa eta gero gertatu da itzultzea. Axularren prosak gauzarik sinpleena nola konplexuena eskaintzen zizkidala ikusita, bada, arnas luzeko nobela idaztea pentsatu nuen".

 

Irigoienen esanetan, euskarak hamaika leiho eskaintzen ditu eta leiho horietatik bat Axularrena da. Axularrengan arnas luzeko esaldia kausitu zuen. Alegia, bazegoela hasieratik bukaeraraino orri bat betez esaldi bat idaztea, bere gorputz-zatiekin eta junturekin. Baita behin irakurri ondoren ongi ulertu ere. Hots, euskarak edozein gauza adierazteko aukera guztiak zituela ohartzeak liluratu zuen idazle hasiberri hura eta "Lur bat haratago"ren egungo idazle zaildua.

 

"Euskarazko arnas luzeko esaldi horiek trenarekin konparatzen ditut: honek lokomotora eta bagoiak ditu. Axularrek oso ondo lotzen zituen horiek, junturak bere lekuan jarriz: horregatik, behin irakurri ondoren berehala ulertzen zaio. Ordea, batzuetan guk horrelako prosa bat eraiki nahi izaten dugunean, bagoi bat lekutik kanpo jartzen dugu askotan eta trena trenbidetik kanpo joaten zaigu: deskarrilatzen zaigu, alegia. Eta ondorio gisa, ez dugula ezer ulertzen esaten dugu, eta euskarak ez duela balio esaldi luzeak egiteko. Alabaina, Axularrek esaten zuen bezala ez da euskararena falta baizik eta euskaldunona, erabiltzen ez dakigulako".

 

 

Nobela hau Axular birsortzeko saioa izan dela adierazi zuen Irigoienek bere aurkezpen egunean:

 

 

"Esapide hori bere neurrian ulertu behar da. Alde batetik bai, baina beste aldetik, absurdua litzateke haren kopia itsu bat egitea, gaurko irakurlea jokoz kanpo geldituko litzatekeelako. Axular oinarri harturik erabili dudala esan nahi nuen, baina irakurlea XX. eta XXI. mendekoa litzakeela kontuan edukirik. Zubiak egiten saiatu naiz. Axularrek erabili zituen eta gaur egun gutxi erabiltzen diren hitzak erabiltzen ditut, euskaldun gehientsuenentzat ezezagunak direnak, baina horien inguruan hitz sinonimoak jartzen ahalegindu naiz, bat gutxienez".

 

25 urte dira Joan Mari Irigoienek Axular irakurri zuela eta beste horrenbeste Begoña emaztearekin bizi dela. Berari eskaini dio liburua eta hartara justizia egin ere, bere hitzetan. Hiru aipuren bitartez zabaltzen da obra literario hau. Lehenak, Bernat Etxeparerenak,

"Libertatea, nola baita gauzetako hobena" dio: "Liburu hau ezer bada libertateari eginiko kantua da, edo horixe nahi nuke bederen. Gero irakurle bakoitzak bere mundutik juzkatzen du lana, azken hitza bere dela".

 

Libertateari eskainitako kantu bat egin nahi izan du, baina ez da ziur hori lortu izanaz. Nobelaren protagonista -Joanes Etxegoien- bizitzaren aurrean nola halaxe agertu zaigu Joan Mari ere liburuaren aurrean, zalantzatsu liburuari egin dakiokeen abegiari buruz.

 

"Erlijioneak oro dira eguzki beraren errainu", dio bigarren aipuak, autoreak biziki maite duen John Donne poetarena:

 

"Axularrek bere pentsamendu osoa ortodoxiatik planteatzen du. Nik berriz, heterodoxiaren ikuspuntutik bideratu nahi izan dut nire liburua. Axular katoliko hertsia da eta bere moralean argi ageri da. John Donneren esaldiak dioenez, erlijio guztiak dira errainu beraren islada. Protagonistak berak umetan baditu bere zalantzak. Bere osaba bat (Joanikot) protestantea da, eta giro katolikoan bizi izan arren halako haustura bizi du. Joanesek orduan ez daki zer den: katolikoa edo protestantea. Barne eztabaida izugarria bizi du".

 

 

Historia Urbiain herrian garatua dago:

 

"Urbiain nik irudikatutako herria da. Beti gustatu zait, istorioak osatzeko, pertsonaiak ez ezik, etxeak eta herriak ere asmatzea, ez errealitateari ihes egiteko baizik errealitatea aberasteko, eta askatasun handiagoz jokatzeko. Herri ezagun eta erreal batean finkatuz gero, bere eliza eta kaleen artean, mugatuago eta enkortsetatuago sentitzen naiz, eta horregatik irudikatu nuen edo protagonistak irudikatu zuen Urbiain".

 

 

Izan ere, Joanes Etxegoienek berak idazten du istorioa, Nafarroako historia ez ofiziala, ildo horretatik joateak istorioa fizkiozko herri batean kokatzeko aukera ematen du, XVII. mendean. Joanesek, berriz, bere izkribua And. Larralderi eskaintzen dio:

 

"Zuri, jaun Larralde, giristino ez-katoliko ez-protestant onest horri, ene liburu honen irakurle bakarrari".

 

 

Bere irakasle izandako Larralde bidarraitarrari zuzentzen zaio. Salamancan irakasle izana, berezia, katolikoen eta protestanteen garaian bizitakoa. Eskarmentu handikoa. Katoliko eta protestanteen arteko liskarren ezagulea. Funtsean, Larraldek ez protestante ez katoliko baina giristinotzat du bere burua. Bidarrai herria, dakigunez, bi estatuen arteko mugan dago. Galderak jalgitzen dira hartara:

 

"Zer da espainola edo frantsesa?".

 

 

Historia errealean Azpilkueta teologo ezagunarekin (Doctor Navarrus) gertatu zen bezala, espainolek frantsesa zela baitzioten eta frantsesek alderantziz. Larralderen antzera, Azpilkuetak ere bere burua nafar soiltzat jotzen zuen.

 

 

bottom of page