top of page

IPUI ONAK - BIZENTA MOGEL ETA ELGEZABAL. 

(1782-1854)

 

 

 

Hiru dira euskal literaturaren alorrean izen handia lortu duten Mogeldarrak: Joan Antonio (1745-1804), Joan Jose (1781-1849) eta Bizenta Antonia (1782-1854).

Lehenbizikoak, besteak beste, itzal handia eman zion liburu bat idatzi zuen: El doctor Peru Abarca, catedrático de lengua bascongada e la Universidad de Basarte. Díálogo entre un rústíco solitario bascongado y un barbero callejero llamado, Maisu Juan.

Beste biak neba-arrebak dira, eta Joan Antonio osaba zuten.

 

Bizenta Antonia Mogel Azkoitian jaio zen mundura (1782-7-6an), beraren aita han bait zegoen mediku, baina, urte bete egin baino lehen, aita hil eta Markinara aldatu ziren neba-arreba biak. Markinan igaro zuten, beraz,

Joan Josek eta Bizenta Antoniak beren umezaroa, eta bertantxe eskolatu zituen osabak. Markinartzat jo ditzakegu, ba, osaba-ilobak, nahiz eta herri banatan jaioak izan: Joan Antonio Eibarren, eta Joan Jose Deban.

Bizenta, urteen joan-etorrian, Eleuterio Basozabalekin ezkondu zen eta, azkenean azkena, alargundurik Abandon hil zen 1854-6-29an.

AURRERA

© Hizkuntza Politikarako Sailordetza

 

EUSKARAZ IDATZI ZUEN LEHEN EMAKUMEA

 

Bizenta Antonia izan genuen euskal literatura idatziaren alorra gorritu zuen lehen emakumea. Garai haietan emakumeak ez zuen eskola handirik hartzen kaltegarria zelako ustea oso zabaldua bait zegoen. Nahikoa zen irakurtzen ikastea, idazten ikastea kaltegarritzat zegoen. Orduko ustearen erakusgarri begira zer dioskun Agirre Asteasukoak:

 

Onetarako mutillai eman bear zate, albada, eskola ona. Au eguin gabez cembat mutil, echearen eta erriaren onragarri izango ciranac, galtzen, edo ecerezean gueratzen dira? Nescachentzat ere chit gauza ona da escola, era bada, icasi deceen dotrina, goiz-arratsetako jayera, Sacrementuac ongui artzeco prestaera, Elizan modestiarequin egotea, eta Meza entzuteco modua. Asco da au nescachentzat, bada escribitzen jaquitea, batzuentzat ona izan arren, gueyenentzat caltetsu izan liteque.

 

Bizentak berak ere uste horren berri ematen du Ipui Onak liburuaren sarreran, hona hemen aurreneko hitzak:

 

Badakit, enzunaz beste gabe, neskatx gazte baten izena dagoala itxatsirik liburutxo onen aurrean, jardungo dutela siñuka ez gutxik, diotela beren artean, iñoren lumaz janzi nai duela bela txikiak; au da, besten bearrak artu nai ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik ausitze liburugiñen: asko duela gorua, naiz jostorratza zuzen erabiltzea.

ATZERA AURRERA

 

© Hizkuntza Politikarako Sailordetza

 

INTXAUSTI JAUREGIA (Azkoitia)

Bizenta Antonia Mogel eta Elgezabal Azkoitian jaio zen, bertako medikua bait zen aita, aurreagoko belaunaldian Joanes Etxeberri bezala. Hamarkada haietan Jauregi honetan bildu ohi ziren «Azkoitiko Zalduntxoak».

 

Baina inor ikastunik eta liburuzalerik izan bada Bizenta bera izan da:

 

Zortzi urte nituenean ekusirik nere neba, edo anaia ikasten asi zala gure osabarekin latiñezko izkera, jarri zitzatan buruan ikasi bear nuela nik ere. Ala, buruari neke gogorrik eman gabe, loari bere orduak emanda, ta zigor zaurigarriaren beldurrik ez nuela, jolasez bezela irten nuen nire asmoarekin.

 

Bizenta Mogelek ederretsi egiten die idazle klasikoen alegiei eta deus gutxikotzat ditu ume-umetan entzundako Peru eta Mariren ipuinak:

 

Umeago nintzanean berriz enzun oi nituen, zoro zororik, ta pozez erotuta, atso ipuinak. Sinisten nituen egia andi batzuek bezala, Peru eta Mariaren ipui farragarri ta sustrai gabeak: enzunak enzunda ere, aspertu ezin nintzan; ta pakerik ematen ez nien atso gaixoai berriz ta berriz esateko alako ipuiak.

 

Ume ikastun, liburuzale eta ipuintzale bat agertzen da Peru Abarka liburuan, ume honek (Txomintxu) ipuinak euskaratzen ditu eta abade baten ipuin bat kontatzen du. Peru Abarka liburuko Txomintxu, Bizenta bera bezalakoa dela uste dugu eta abadea zer esanik ez, Joan Antonio; irakur dezagun arretaz antz hori somatzeko:

 

Daucadazan alabac dira bicochac; edo batera jaijuac, ta etzara onegaz zurtuco zu, daquizulaco izan oi diriala nosbait irucochac bere. Seme bata escolauba da, liburu zalia; badaqui erdera, ta eusqueratuten deuscuz, gaba igaroteco, iracurri dituban ipuinac, baña ipuin onac, garbi ta iñoren calte bagacuac. Egoten gachacoz auac zabalic enzuten, ume chicarrac Peru eta Marijaren ipuin gatz bagaac enzun daruezan garraz. Lengo egun baten berac buruz icasita, esaeuscun ipuin chito eder abade batec imini ebana berba neurtu ta soñutubaz.

ATZERA AURRERA

 

 

IDAZLANAK

 

1804ean argitara zuen Bizenta Mogelek bere lehen liburua, osaba hil zen urte berean hain zuzen, eta kontuan hartzekoa da hogeitabi urte besterik ez zituela. Hitzaurrean bertan adierazten duenez, latina ondo zekien «gaztetxoa nintzala irakurri ta azaldu oi nituela Fedroren latiñezko ipuiak». Eta geroago: «Edozeñek daki Esoporen ipui latinez, ta itz lotu gabeetan daudenak, errazagoak dirala aditzen, Fedro, ta Virgilioren itz lotuak baño». Esopogandik hartutako berrogeitamar alegia euskaratu zituen, eta gipuzkeraz eman; bere osaba bezala hasi zen, euskaraz idazten, hain zuzen.

Liburuaren izenburua: Ipui onac, ceintzuetan arquituco dituzten euskaldun necazari ta gazte gueiac eracaste ederrac beren vizitza zucentzeco (Donosti, 1804). 114 orrialde.

Undiano liburugilearen etxean.

Berrogeitamar alegia hauen ondoren, osabaren hitz neurtuzko zortzi alegia datoz. Bizentak esaten digunez, beraren osabak hitz neurtuzko alegi mordoa zuen eta banaka batzuk baino ez zituen aukeratu:

 

Esan nuan len bertso ipuizko oiek ez dirala nere burukoak. Pillo andi bat dauka eginda nere osaba jaunak, ta pillotik artuak dira emen ekusiko diran gutxi batzuek. Saiagarri bat da hau, ta ez gehiago.

 

Liburua gipuzkeraz idatzita dago baina gipuzkera horrek bizkaieraren ukitua du. Mogeldarren ukitua ere bai; esakeretan eta hitzen segidan nabarmena da hori. Mogeldarren joskera behin baino gehiagotan izan da kritikatua eta are gehiago itzulpenetako joskera. Hona hemen, adibidez, zer dioen Santi Onaindiak:

 

Euskera ederra du, orraitio, izkerakiko sunda osotoro urrun-araztea errez etzaion arren. Itzulpena du, ta itzulpenetan, gaur ere berdin, ezta ain aixe astintzen erdel kutsuaren narda.

ATZERA AURRERA

© Hizkuntza Politikarako Sailordetza

 

OSABA JOAN ANTONIO

Joan Jose eta Bizenta senideek, elkarrekin batera eman zuten haurtzaroa, osaba Joan Antoniorenean. Apaiza zen Joan Antonio, eta Peru Abarka (1802) sona handiko obra utzi zigun euskal literaturan. Beronek hezi eta eskolatu zituen Joan Jose eta Bizenta ilobak.

 

 

Liburua gazteei eta nekazariei eskaini zien, gogoratu besterik ez dago Ipui Onak horren izenburu osoa zein den. Orobat, eskaintza bera ere irakurriz gero:

 

Don Victor Munibe ta Aranguren-gori. Nere zalduntxoa; Artu ditudan ezkero gogoak argitara emateko ipui onen liburutxo bat, erabaki bear nuan nori bere eskintza egin. Buruari neke gogor ta gogaitzarririk eman gabe, nori asmatzen, zu izan bear zinan, nik autu bear nuena. Ipuiok atera nahi ditut gaztetxo, ta nekazarientzat, edo Bizkaian esan oi dan bezala, nekezaleentzat.

 

Liburuak, merezi zuen bezala, harrera ona izan zuen, eta horren lekuko dira izan dituen argitarapen guztiak. 1880an (Peru Abarka liburua argitara zen urte berean hain zuzen) Bilboko Beti Bat aldizkariak atera zituen ipuinak. Azkue, 1899ko abuztuaren 3an hasi zen argitaratzen bere Euskalzale asterokoan eta hamahiru ipuin behintzat argitara zituen. Euskal Esnalea-k liburu berezi bat osotu zuen (Donosti, 1912), Martin, Mena y C-ren etxean, Txomin Agirreren hitzaurrearekin; eta, azkenik, Auspoa liburu bildumak (Zarautz, 1963) argitara du, J. San Martinen aintzinsolasarekin. Bizenta Mogelek badu, hala ere, lan izkutuagorik. Gabon-kanta egilea ere

bagenuen eta honetan, zalantzarik gabe, argi gehien isuri duena Lino Akesolo dugu:

 

Bilbon, urtero, eguberrietan kantatzen ziran kanta berrietan, eta Markinan Cadizko Konstituzioa erretzeko ospatu ziran jaietako bertsoetan foruzaletasuna, foruai eutsi bearra bizi-bizi agertzen zen. Eta kanta oietako batzuk Mogeltarrek sortuak dirala badakigu. Bat, Vicenta Mogel emakumea da, eta ene ustez, aietako batzuetatik ez zebillen urruti Joan Jose bera.

ATZERA AURRERA

© Hizkuntza Politikarako Sailordetza

IPUI ONAK (1804)

 

Joan Antonio hil zen urte berean argitara eman zituen Bizentak ipuin hauek Donostian. Neska gaztea zen idazlea, eta emakumezkoen kultur zeregin eta eskubideez ere arduraturik ageri zen.

 

 

 

bottom of page