top of page

ZAZPI  ETXE FRANTZIAN - ATXAGA, BERNARDO

 

 

Liburu honek 3 ezaugarri bereziak ditu:

 

  • Pentsatzera bultzatzea

  • Umorea

  • Kolonialismoari buruzko kritika bikaina.

 

Ez da oso bestelakoa itzulpenaren editoreetako baten ikuspegia, Briony Everroadena: “Gu oso harro gaude Atxagaren liburua Harvil Seckeer argitaletxean argitaratu dugulako. Orriak bizi pasatzera bultzatzen zaituzten narrazioak idazten ditu, baina irakurlea pentsatzera bultzatuz, eta hori lortzen duten idazleak bakanak dira. Umorea gauza benetan ederra da idazle batengan, eta ez dago dudarik Bernardok baduela. Seven Houses in France-n, eragin birrintzailea du haren umoreak. Zirrara handia eragiten duen liburua da. Atxagak Afrikako kolonialismoaren aroa erakusten digu, talentu handiz. Ez du inolako alderaketarik egiten orainarekin, baina alderaketa horren ideia une oro dago gordea irakurlearen buruaren barruko gune batean”.

 

Bernardo Atxagak beste pauso bat eman du bere lana munduan zabaltzeko bidean. “Zazpi etxe Frantzian”-en itzulpena goiko mailara iritsi da Erresuma Batuko eta AEBetako hainbat sariketa eta zerrendatan.

 

Obabakoak-ekin duela ia 25 urte urratzen hasitako bideetan aurrera jarraituz, euskal literatura Euskal Herriko mugetatik kanpo ezagutarazi eta zabaltzeko zereginean “pauso bat harago” iritsi da Bernardo Atxaga Zazpi etxe Frantzian nobelaren (Pamiela, 2009) ingelesezko itzulpenarekin, Mari Jose Olaziregi Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren ustez, eta hala erakusten dute nobela horrek batez ere Erresuma Batuan eta AEBetan jasotako laudorio suharrek.

 

Erresuma Batuan, Foreign Fiction Prize sariko azken sei finalisten artean izan da aurten Seven Houses in France, Amos Oz eta Umberto Ecoren liburu berriekin lehian; AEBetan, Publisher Weekly aldizkariak urteko 18 liburu onenen artekotzat jo du oraindik orain, Alice Munroren Dear Liferekin batera besteak beste. Izendapen horiek Atxagak “Letren Mundu Errepublika selekto horretan leku bat erdietsi duela” erakusten duelakoan dago Olaziregi. “Liburuaren lehiakideak zeintzuk izan diren ikusita, izugarrizko arrakasta da”.

 

Zazpi etxe Frantzian nobelaren ingeleserako itzultzaile Margaret Jull Costak uste du “kontalariaren ahotsa” dela Seven Houses in France izaten ari den arrakastaren giltzarri nagusietako bat; “Belgikako soldaduek ustiatzen ari diren jendearekiko eta izadiarekiko erakusten duten  erabateko axolagabekeria erakusten duen kontalariaren ahots hori”, zehazki. “Liburuak arrakasta handia izan du Erresuma Batuan eta AEBetan”, komentatu du Jull Costak, “eta litekeena da arrakasta hori gure iragan kolonizatzailea gaitzat hartzearen ondorio izatea; baita gizakiok gizatiar izateari uzteko dugun erraztasuna erakustearen ondorio ere. Afrikako ilunpeen bihotzetatik kanpo ere gertatzen den kontua da, dudarik gabe. Baina arrakasta prosatik ere badatorkio, itxuraz horren soil eta erakargarrria den arren hala kontatzen duenarengatik nola kontatzeko moduarengatik irakurlea zanpatuta uzten duen prosa horretatik”.

 

Itzultzailearen iritzitik gertu dago Lourdes Otaegi ikerlariarena ere: “Liburu baten arrakastak badu osagai ausazkorik, jakina, baina beharbada anglosaxoientzat nabariagoa da liburu honen hizkeraren erregistro satirikoa. Errealismoaren itxurapean, aurpegia batere okertu gabe iradokitzen dituenek irakurlea asaldatzea dute helburutzat. Ezaxolaz bezala mintzatzen da egintza eta gertakari izugarriez, irakurleok asaldatzetik hausnarketara bideratzeko helburuz”.

 

Ikuspegi horretatik begiratuta, Jonathan Swift-en A modest proposal ipuin ezaguna oroitarazi dio Otaegiri Atxagaren Zazpi etxe Frantzian obrak. “Swiftek, XVIII. Mendeko Irlandako herriaren egoera miserablea erremediatzeko, urtebete inguruko haurrak elikagai gisa erabiltzeko errezeta sorta proposatu zuen, eta diskurtso guztiz arrazoitu batean, haren negatiboa seinalatu zuen: aberatsen hipokresia, igelesen tirania eta irlandarren ezgaitasuna. Atxagaren obra honek ere beste horrenbeste egiten du, eta historikoki inperio kolonialez ari bada ere, irakurlearen interpretazioak beste testuinguru hurbilagoetara ekar dezake gogoeta”.

 

bottom of page