top of page

AULKI JOKOA - ALBERDI, UXUE

 

 

Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, Gipuzkoa, 1984ko martxoaren 18) euskal idazle eta bertsolaria da, kazetaritzan lizentziatua.

 

Barren astekarian egin du lan eta Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioko literatur sailean kolaboratzaile eta Deja vu saioan tertuliakide izan da. Horrez gain, Berria egunkarirako ere idatzi izan du.

 

2006an Xenpelar Saria irabazi zuen. 2008an, bertsolari gazteen Osinalde Saria.

2012an Paul Gallico-ren «Elur-antzara» grabatu zuen.

 

Puzzle txiki bat da nobela hau, gaur egun eta gerra osteko pasarteekin osatuta, garai hartako bizitza ederto islatzeko. Antzematen zaio idazleari bertsolari sena; istorio eder eta nobelaren forma bereziaz aparte, hitz bakoitzak bere lekua du, doinu eta erritmo berezia lortzeko.

 

Aulki-jokoa / Uxue Alberdi / Elkar, 2009

Betiereko joko bat Saioa Ruiz Gonzalez / Argia, 2009-10-25

Haurtzaroko jolasen artean, gutako askok gogoratuko dugu aulki-jokoa deritzana. Garaiko inozentzia kontutan izanik, nork esango luke joko soil batek baino askoz ere kutsu transzendenteagoa eduki zezakeenik?

 

Joko soil honetan jostatu ez denak ez du zertaz kezkatu beharrik, izan ere, mundu honetan jaio izate hutsak bilakatzen gaitu aulki-jokoaren parte-hartzaile. Bizitzaren metafora gisa aurkezten zaigu Uxue Alberdiren lehenengo eleberri honetan, bizitza eta heriotzaren mugan kokatzen gaituen joko baten antzera; bizitzaren eguneroko gauza minimoen erritmora dantzatzeko indarra edukitzeak aulki bat ziurtatzen digu, gauzak aldatzeko indarra mantenduz. Hala ere, joko guztietan bezala, norbaitek galdu beharra du eta idazleak esan bezala, “egutegiko azken orria bere lekutik erauzteko indarra galtzen duenean hilko da andrea”.

 

Kantoieta izeneko herri arrantzaleko pertsonaiak izango ditugu aulki-joko honen parte-hartzaile nagusiak: hiru emakume —Eulali, Teresa, Martiña—, hiru ahots eta hiru bizipen desberdin joko beraren barruan. Francoren garaian bizitzea tokatu zaien emazteen haurtzaroko bizipen pertsonalek —ametsak, traumak…— gidatzen dute eleberriaren ildoa, eta konturatu gabe, zaharturik herriko gozotegian, eguneroko kafea hartzera mugatzen den erritualean ikusten ditugu, nor bere aulkiarekin, nagusiaren irrati soinuaren erritmoan dantzan. Baina irratia ere itzaliz joango da, haurtzaroa kontatzen den heinean eta orduko gertakizunak, in crescendo doazen heinean, zahartzaroko bizitza decrescendo batean sumatuko dugu.

Oinarrian, esan daiteke, badela kontatzeko behar bat, kontatzen dugun bitartean bizirik irauten dugulako, eta haurtzaroko zein gaztaroko kontuak berreskuratuz, mundua aldatzeko gaitasuna mantentzen dugu.

 

Belaunaldi baten amaiera dakarren aulki-jokoa da —Kantoietako zilbor marroixka duen belaunaldia— gazteagoei lekua uzten diena —zilbor txurixka duen belaunaldia— eta mundua aldatzeko lekukoa hartuko dutenei bidea zabaltzen diena. Baina, zorionez ala zoritxarrez, garaiak ez dira errepikakorrak eta belaunaldi batekin beste bat dator. Azkenik, geratzen zaigun gauza bakarra guztiontzat berdina izango da: aulki-jokoa.

 

 

bottom of page